Si quieres realizar una inscripción o recibir más información, contacta con
coworkids@pamplona.es

Search
Image Alt

PARTE HARTU ZURE HIRIKO ERABAKIETAN

18 URTE BAINO GUTXIAGO DITUZU? PARTE HARTU COWORKIDS-EN, PARTE HARTU ZURE HIRIKO ERABAKIETAN.

 

Hiruhilabetero, COworkids-en hainbat jarduera proposatzen dizkizugu, hala nola xakea, saskibaloia, sormen-laborategia eta joko anitzak, laborategi teknologikoa, piraguismoa eta beste asko. Jarduera horietan ongi pasatuko duzu, lagunak egin, partekatu, trukatu, zure burua berraurkitu… baina, horrez gain, jarduera horien bidez, egunez egun, zure eskubideak ezagutuko dituzu, bereziki, parte hartzeko duzun eskubidea.

 

COworkids-en honako hau esan nahi du parte-hartzeak:

– Askatasunez pentsatu, adierazi eta iritziak eman ditzakezu.

– Entzuten zaitugu eta diozuna aintzat hartzen dugu.

– Benetako eragina izanen duten erabakiak har ditzakezu.

 

COworkids-en jardueretan hori guztia ikasi eta praktikara eramaten ahalko duzu. Eta EZTABAIDA-ASTEETAN parte hartzen ahalko duzu, hiruhileko amaieran auzo bakoitzean eginen diren horietan. Hala nahi baduzu, noski! Parte hartzea beti ekintza boluntarioa delako, nahi duzunean egin daiteke eta inoren presiorik eta betebeharrik gabe.

 

EZTABAIDA-ASTEAK

Hiruhileko bakoitza amaitzean, jardueretan zehar landutako edukiekin, eztabaida-astea eginen dugu auzo bakoitzean, eta auzoen arteko topaketekin. Helburua honako hau da: zure ideiek Iruñean eragina izan dezatela. Zergatik da horren garrantzitsua zuk hirian parte hartzeak? Haur eta nerabeak gizartearen parte zaretelako. Eta parte hartzen duzuenean gauzak aldarazi ditzakezue, eta besteekiko harremanak edo gauden tokiak hobetu.

Horregatik, eztabaida-asteetan landu nahi dituzun gaiak proposatzen ahalko dituzu, eta zure auzo zein hirirako garrantzitsuak iruditzen zaizkizun gaiei buruzko ideiak eman. Eztabaida-asteetan proposatzen dituzuen ideietako batzuk hiria hobetzeko gauzatuko dira. Nola? Proposatzen dituzuen gaietan adituak diren pertsona batzuek ideia guztiak aztertuko dituzte, eta jasangarrienak eta egokienak aukeratuko dituzte (onura handiak dakartzaten ideiak eta gauzagarriak direnak), horiek gauzatzeko Iruñeko Udalak COworkids-en esparruan duen konpromisoarekin eta Nafarroako Rural Kutxa bezalako entitateen lankidetzarekin.

 

HAURRENTZAKO PARTAIDETZA KONTSEILUA

Eztabaida-aste bakoitzean ondorio garrantzitsuenak aterako ditugu, Haurrentzako Partaidetza Kontseiluan landu daitezen; parte hartzeko izanen duzun beste moduetako bat. Eztabaida-asteetan inplikatu zareten 14 haurrek osatuko duzue, hiriko 14 auzoak ordezkatuz. Partaidetza Kontseilua Iruñeko Udaleko agintariekin bilduko da, ideiak eta proposamenak aurkezteko, eta horiek kontuan har daitezen COworkids-en.

 

WEBGUNEKO ATAL HAU ZUREA DA

Hemen eztabaida-aste bakoitzari buruzko informazio guztia helaraziko dizugu. Lehenengoa apirilean izanen da. Eta, gainera, beharrezko informazio guztia jasoko duzu zure auzoko erreferentziazko pertsonaren bidez, parte hartzea erabakitzen baduzu nola eta noiz egin jakin dezazun. Sare sozialen bidez ere jasoko duzu informazioa.