HASIERAKO DIAGNOSTIKOA
Familiekiko harremanen prozesuak hainbat fase ditu COworkidsen, eta, hasteko, familiei topaketa pertsonalizatuak eskainiko zaizkie jardueretan izena ematen duten haur eta nerabeen beharrak eta intereseko arloak identifikatzeko. 2021eko lehen hiruhilekoan txosten hau egin da eta abiapuntua izan da diagnostiko bizi bat egiteko zeinaren bidez aukera izanen baitugu hainbat espazio birtual eta/edo aurrez aurrekoak diseinatzen hasteko. Familiekin harremanetan dauden programako eragile guztiek espazioak planteatzeko, esku-hartzeak diseinatzeko eta familiekiko harremanak ezartzeko erreferente gisa kontuan hartuko dute Gurasotasun positiboko jardunbide egokien gida (2015ean argitaratu zuen Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Ministerioak).
Txostena ikusi: FAMILIEN PROFILAK, GURASO-JARDUNAREKIN ZERIKUSIA DUTEN BEHARRAK ETA ESKAERAK, ETA AUKERAK, COWORKIDS PROGRAMAREN ESPARRUAN
FAMILIENDAKO ONLINE GUNE BERRIA
Hasierako diagnostiko hori oinarri hartuta, online gune berri bat inplementatuko da gurasoentzat. Gune bizia, bi norabideko komunikazio-kanal gisa eratua, familien parte-hartzeaz elikatzen dena eta gurasotasun positiboa eta haurren premiekiko sentsibilizazioa sustatzera bideratua. Gune honen helburua baliabide pertsonalak ikusaraztea eta sustatzea da, taldeko profesionalek hautatutako eta/edo diseinatutako ikus-entzunezko materiala eta gizarte- eta hezkuntza-baliabideak eskainiz, gurasoek euren ahalmenak eta seme-alabenak deskubritu ahal izateko erreferentzia gisa. Aldi berean, online gune horrek gurasoen gaitasunak sustatzea erraztuko du, familien eta taldeko profesionalen arteko topaketa-saioak ere eskainiko baititu.
Horretarako, COworkidseko profesionalen taldeak –pedagogia, giza eskubideak, psikologia eta ekintza komunitarioko arloetakoak– haur eta nerabeen hazkuntzarekin eta hezkuntzarekin lotutako oinarrizko alderdiei buruzko ikus-entzunezko materiala ikertu eta landuko du, familien testuingurutik, interesetatik eta premietatik abiatuta, eta kontuan hartuta Haurtzaro eta Nerabezaroko Planak jasotzen dituen premia unibertsalen hiru talde hauek: osasun fisikoa, autonomia eta sexu-beharrak. Ildo horretan, informazio-pilulak eskainiko dira hainbat formatutan honako hauei buruz: garapen psikoafektiboa, nutrizioa, haurren eskubideak, komunikazio eraginkorra, kudeaketa emozionala eta abar. Gainera, udal-baliabideak ikusaraziko dira, hala nola, Gurasotasun Positiboko Eskola, zeina indartuko baita.
Gune birtual hori hainbat arlotako profesionalekin batera egindako taldekako saioen bidez indartuko da hilean behin, eta bertan familiek honako aukera hauek izanen dituzte: informazio-materialei eta -baliabideei buruzko zalantzak argitzea, norbere baliabideak eta testuingurukoak identifikatzeko eta indartzeko jarduera osagarriak egitea, edo gai interesgarri berriak proposatzeko parte hartzea.
PSIKOLOGIA-AHOLKULARITZA
COworkidsek aholkularitza psikologikorako aldizkako espazio bat eskainiko die familiei auzoetan. Bertan, unean uneko kontsultak egiten ahalko dituzte orientazioa behar duen bizitzako edozein arlorekin zerikusia duten krisialdi-, zalantza- edo zailtasun-uneen inguruan, edo horiek maneiatzeko unean uneko tresnak eskuratzen ahalko dituzte. Seme-alabei Gaztediaren Etxean dagoen aholkularitza psikologikoan parte hartzera gonbidatuko zaie.