Si quieres realizar una inscripción o recibir más información, contacta con
coworkids@pamplona.es

Search
Image Alt

Familiendako gune bat: Lehenbiziko urratsak

Familia

Partaidetza sustatzea da COworkids-en ardatzetako bat, haur eta nerabeena ez ezik, familiena ere. Horretarako, zenbait gune sortu nahi ditugu esperientziak parteka ditzaten eta informazioa zein orientazioa jaso ditzaten. Guneok guraso-gaitasunak indartu edo garatzea izanen dute xede, bai eta gurasotasun positiboa sustatzea ere.

Eta zer da gurasotasun positiboa? Gizarte-eredu eta erreferentzia gisara eskatzen den kontzeptua da, beharrezkoa haur eta nerabeendako tratu ona bultzatzeko, eta honako printzipio hauen bidez adierazten dena:

• Lotura afektiboak: adingabeak onartuak eta maitatuak sentitzen dira.
• Ingurune egituratua: adingabeek arauak eta balioak ikasten dituzte.
• Estimulazioa eta laguntza: eguneroko ikaskuntza eta eskolakoa.
• Balioa aitortzea: adingabeen kezketan inplikatzea, esperientzia berriak bizitzea…
• Gaikuntza: eragile aktiboak direla ikusaraztea, konpetenteak eta besteak aldatu edo haiengan eragiteko gai direnak.
• Indarkeriarik gabeko hezkuntza: inongo zigor fisiko edo psikologikorik gabe, halako zigorrek adingabeen osotasun fisikoa eta duintasuna errespetatua izateko eskubidea urratzen baitute.

Hori dela eta, lehen diagnostikoa prestatu dugu, honako helburu hauek hartuta:

1. Programan parte hartzen duten familien beharrak eta interesak identifikatzea, gurasotasun positiboa eta haurren beharrekiko sentsibilitatea indartzen dituzten gune eta baliabide berriak diseinatzeko.
2. Familien testuinguru soziokulturala ezagutzea, programaren unibertsaltasuna eta ekintza prebentibo egokiagoa bermatzeko.
3. Familiek programaz bezainbatean dituzten asetze-maila, itxaropenak eta hobetzeko iradokizunak ezagutzea.

Diagnostikoa egiteko, zenbait bilera egin dira taldeka auzo bakoitzean COworkids-en parte hartzen duten familiekin; haietan, programaren oinarrizko ildoen berri eman zaie, eta gonbidatu Psikologia arloko langileekin ordu erdiko elkarrizketak banaka egitera. Diagnostikoa zabalik dago proiektuan sartzen diren familia berrientzat.

Prozesu osoa txosten honetan bilduta dago: FAMILIEN PROFILAK, GURASO-JARDUNAREKIN ZERIKUSIA DUTEN BEHARRAK ETA ESKAERAK, ETA AUKERAK, COWORKIDS PROGRAMAREN ESPARRUAN, zeina Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologiako eta Gizarte-laneko graduetako ikasleekin elkarlanean egin baita, eta nondik honako ondorio hauek ateratzen baitira:

FAMILIA PROFILA
• Haurren eta nerabeen % 94,3 familia-etxe bakar batean bizi dira
• Familien % 57,14 amak eta aitak osatuak dira
• Familien % 25,71 gurasobakarrak dira
• Elkarrizketatuetatik, % 91,4 emakumeak dira, hau da, amak
• Ama horien % 50 baino gehiagok 36-45 urte dituzte
• COworkids-en parte hartzen duten haurren % 55,9 7, 8 eta 9 urte artekoak dira
• Haurren sexu-banaketa oso orekatua da
• Aiten % 77 eta amen % 69,4 ez dira jatorriz espainiarrak

TESTUINGURU SOZIOKULTURALA
• Amen % 80 auzoko partaide sentitzen dira, bere seme-alabekin batera
• Amen % 61,8k parte hartzen dute bere komunitatearen beste zenbait baliabidetan
• Amen % 62,9k ezagutzen dute Auzo Unitatea
• Amen % 46,9k erabili izan dute Auzo Unitatearen programaren bat
• Amen % 97ri gustatuko litzaieke komunitate-baliabideen gaineko informazioa jasotzea

GURASOTASUNARI LOTUTAKO BEHARRAK
• % 54.3k diote askotan sentitu dituztela haurren hazierari eta hezkuntzari lotutako kezkak, beldurrak edo zailtasunak.
• Hona kezkarik ohikoenak: seme-alaben hezkuntza (% 37,5), errebeldia (% 17,5), ikasketak (% 12,5) eta menpekotasunaa/gainbabesa (% 10).
• Amen % 85 prest dago informazioa eta prestakuntza jasotzeko, gurasotasunean egoki jarduteko.
• Hona zeri lotuta jaso nahiko luketen informazioa edo prestakuntza: garapen-etapa bakoitza (% 26), seme-alabekiko komunikazioa (% 14), ikasketetan laguntzeko moduak (% 14), liskarrak eta zailtasun-egoera zehatzak maneiatzea (% 12).

ASETZE-MAILA ETA ITXAROPENAK COWORKIDS-EKIKO
• % 93,7 asebeterik daude programarekin eta inork ez zuen hautatu “ase gabekoa” edo “oso ase gabekoa” aukerarik.
• Programatik zera itxoiten dute: seme-alabek hobera egitea jarreran, garapen pertsonalean eta ikaskuntzan (% 25), sozializatzea (% 23,5) eta ikasketetan hobetzea (% 17,6).
• COworkids programa hobetzeko, zera proposatzen dute: jarduera gehiago mugimenduan eta atari zabalean (% 26), jarduera era askotarikoagoak izatea (% 18,9), aldaketak jarduerak antolatzean (% 15,5) eta aita-amendako jarduerak (% 11,3).

Txostena diagnostiko bizi baten abiapuntua da. Izan ere, beste gai eta ekarpen asko bide ezberdinetatik sortu dira, esaterako, hedapen-bileretan, telefono-dei edo posta elektroniko bidez, Gizarteratzeko teknikariekin egunero edukitako harremanetan, taldeko bileretan… Eta zuen parte-hartzea beti da ongi etorria.

Txostena jasotzeko, webgune honetara idatzi: coworkids@pamplona.es

Argibideak emanen dizkizuegu familiendako guneei buruz. Eskerrik asko parte hartzeagatik!